XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina bere borra altxa zezan betarik eman gabe, Juanek zazpi arroatako berea erabili zuen, eta bi kolpe emanik, iratxoak nahiko! esan zuen.

Gero bere buruari belarri bat ebaki zion eta Juan Hartzari eskaini zion, esanez: - Larrialdi batean aurkitzen haizenean, belarri hau atera eta kosk egiok.

Beste biak itzuli zirenean, Juan Hartzak koldar batzuk zirela esan zien, eta berak iratxoarekin zer egin zuen kontatu zien.

Beste egun batean pinu asko zegoen mendi sail batera iritsi ziren, eta oso egarri zirenez, Juan Hartzak honela esan zuen: - Ea egia den egiten omen dakizuena.

Lehendabizi zuk, Pinuerauzlea, pinu guztiak erauz itzazu.

Eta gero zuk, Mendiberdintzailea, mendi guzti horiek berdin itzazu.

Eta gero nik putzu bat egingo dut.

Horrela egin zuten. Aiene batean Pinuerauzleak mendi guztiak gorri-gorri utzi zituen, gero Mendiberdintzaileak ipurdiarekin lurra zapaldu zuen, alde hura eskuaren ahurra *ahur: eskuaren barrengo aldea bezain laua utzirik, eta orduan Juanek zazpi arroatako borra altxatu zuen eta kolpe bakar batez lurrean putzu sakon bat ireki zuen.

Hirurek begiratu zuten, baina hain sakona zen, ezen iluntasuna besterik ez zuten ikusten.

Juan Hartzak esan zuen: - Hor zerbait egon behar du.

- Soka bat bota eta ikusiko dugu.

- Lehendabizi Pinuerauzlea jaitsiko da, kanpaitxo batekin, eta zerbait ikusten duenean, jo egingo du, atera dezagun.

Baina, hondoraino heldu gabe, Pinuerauzleak hotz handia sentitu zuen eta txintxarria jo zuen.

Gero Mendiberdintzailea jaitsi zen, eta bero handia sentitu zuen eta berak ere txintxarria jo zuen, besteek igo zezaten.